XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez-axolek eta funts-gabeko-ek gogarako dituzten gezur urhetsuez eta aments hutsez bere burua atzipetu nahi ez duenak, ordea, aithortu behar du hala ez dela.

Halarik ere aithortze horrek ez gaitu bortxatzen Euskararen alde deus egin gabe egoitera, bainan soilki gure itxaropen ergel, oinharririk ez duten anhitzen sekulakotz ohiltzera.

Niketz, Ortega y Gasset-ek idatzi duen bezala, osoro sinhesten dut salbabiderik hoberena dela begien ongi irikitzea, gauzen argi ikhustekotz.

Keltaratit Irlandararat.

Germanak indarkahan sarthu baino lehen Irlandan mintzatzen zen hizkuntza, orain artean bizirik egon dena, da Irlandara.

Lehenik Norvegarrak ethorri ziran, VIIIgarren mendearen azken urtheetan, eta gero Daneak IXgarren mendearen erditsuan agertu ziran izaro pherdeko itxas-hegietan.

Hatsarrean Iphartarrok herria xehakatu zuten, eta azkenekotz eskualde zembaitez jabetu ziran German errege-herriak eraikiten zituztelarik heietan: berzteen artean Limerick eta Dublingo aurkhintzetan, hedatuenak baizik ez aiphatzekotz.

German hoien kulturaren influentza gehienetan uste den, eta Irlandarrek berek aithor duten, baino askoz zabalago eta sakonago izan bide zen; heiek zeraukoten lehen Latinez Hibernia edo Scottia, eta bertako mintzaraz Eriu deitzen zen herri horri orain emaiten zaion izena ibeni: Irlanda, h.d. Ireen herria.

Halaz ere, azkenean Iphartarren nagosigoa hamaitu zen, Brian Boru, Thomond eta Leth Mogha-ko irlandar erregeak Clontarf-en garhaitu baitzituen, Dublingo eskualdean (1.014).

Eta heien nagosigo politikoarekin batean itzali ziran mintzatzen zituzten iphar-germanarazko hizkalkiak handik laster, Dane eta Norvegar invasoren ondorengoak gurutzatu eta nahastekatu baitziran Irlandar jathorrekin.

Nabari da german hizkalkiok ez zirala itzali Irlandararen hiztegian eta phonetikan herexa zembait utzi gabe, bainan hartatik hizkuntza hau herri guztian nagosi egon zen ordu hartako.

Dembora gutirik barne, ondikotz, anhitzez galgarriago izan behar zen etsai bat oldartu zitzaion: 1.169garren urthean Engelandatik ethorri Normanek Irlandan lur-hartu zuten.

Eta geroztik Engelandarrak dira izan han jaun eta jabe, geroago eta jaun indartsuago, geroago eta eremu gehiagoren jabe.

Nahas-enda bat ziran Engelandarrok: handikiak Norman ziran ethorkiz, eta norman-frantzesa zuten hizkaratzat; gehienak aldiz engel-saxoinak ziran, germanaraz mintza-tzaile, hots, engelesez.

Bi hizkuntza handi hoik ba ditugu beraz orain Irlandararen alboan, Irlandararekin lehian.

Herriaren hegoialdean batez ere ugari ziran atzerritarrak: Munster-en eta Leinster-en, eta Munsterko irlandar hizkalkiak egungo egunean ere frantzesaren influentza erakhusten omen du bere mintzaeran (ikhus ).

Leinsterkoaz deus ezin erran dezakegu segurrik, Irlandara ez baita gehiago mintzatzen eskualde hortan....

Gero Frantzesak eremu galdu ba zuen ere, XIV-garren mendetik landa Engelandar guztiek Engelesa hartu baitzuten hizkuntza kommuntzat (halaz ere gune zembaitetan ba ziran oraindik XIV-garren ehunurthekoan Frantzesez mintzatzen zirenak), hambatez indartsuago egon da Engelesa Irlandan, bera baitzen orain garhaitzaileen mintzara bakharra; eta Irlandara garhaituen mintzara izaiki, ez da zail igartea zein izanen zen azkenekotz bertzearen buruzagi.

Hargatik hatsarrean ba zirudian gerthatzera zoala.

Irlandako Engelandarrekin, Helladaz jabetu ziran Erromarrekin bezala, eta izaro garhaitua bere garhaitzaileen bere meneratzekotan zela, ezen garhaitzaileok irlandaraz hitzegiten hasi ziran bortxaz, beren eskupekoek ulhert ahal zitzatentzat, bai eta irlandar neskak hartzen baitzituzten emaztetzat eta, areago dena, Irlandarren bizimoldearen araura bizitzen; hala non azkenean London-go gobernuak, baitzekhusan garhaipenaren fruktuak galtzera zoazela Irlandan egoitez zegozen Engelandarrak bai hizkuntzaz, bai ohinduraz, bai sentimenduz osoro bertakoturik, negurri latzak hartu behar ukhan zituen heien joera horren kontra, batez ere Irlandararen ikastea Engelandarrei debetatuz.

Negurri hoien gatik eta guztiz ere, Irlandara buruzagi egonen zatekean izaroan, egoile guztiek baitzekiten eta baitzerabilaten, nahiz anhitz bi hitzkuntzatako ziren Engelandarren politika borthitzago eta basakiago egin ez ba zen, erlisioneko guduketa zela karia.

Alabainan Engelanda protestant bihurtu zen, Irlanda katholiko egoiten zelarik.

Horrengatik herstura handiak jasan behar ukhan zituzten Irlandarrek jathorrizkoek eta halaber Engel-Norman bertakotuek bere hauzoen ganik.

Erran gabe doa Irlandarak ezer ez zuela irabazi erlisioneko joku hortan, ezen orain Engelandarrak hasi ziran Irlandarren egiaz gorrotatzen, bertze sinheste bateko zirelakotz bethi gerthatu ohi den bezala eta halaber Irlandarren berezgarriak oro higuindu zituzten: jaunzkera, ohidurak eta ororen gainetik hizkara.

Hunen itzal-eraztera entseiatu ziran, beren helmenean zituzten ahal guztiez.

Cromwell protestant buru-beroa izan zen batez ere kaltegarri eretze hortan.

Harek zituen plantation delako jende-aldatzeak asmatu eta obratu: Irlandarrak ohildu zituen beren sorlekhuetarik eta heien ordean Engelandarrak edo Eskoziarrak azarri, horrela hustu zuen bertako jendeez izaroko Iphar-sorthaldeko eskualdea, Irlandako mytho zaharretan bethi lehen zen Uladh (Ulster) hospetsua.

Geroztik Irlandarak ezin irabazi du atzera orduan galdu zuen eremua; aitzitik, geroago eta ahulago izan da, geroago eta atzerago joan da, bizirik egona gatik egungo egunetara arteo.

Irlandara keltar hizkuntza bat da, beraz indieuropar daritzon hizkuntza-familia handiko khide.

Erran nahi du haren haide direla, guztiok hizkara-ama bakhar batetik sorthuak direlakotz, Asian eta Europan mintzatzen, edo mintzatu, diren hizkuntza hauk: Aryara h.d. Sanskrita eta Zenda, Armeniara, Helladara, Baltara eta Slaviara, Germanara, Italiara, bai eta harridazkietan baizik ezagutzen ez ditugun Asia Ttipiko Hethitara eta Turkestango Tokhariara, ongi samar ezagutzen ditugunak aiphatzekotz soilki.

Nahiz hizkuntza hoik oro ahaide diren, ba dirudi zembaiten elkharrekiko ahaikoa hertsiago dela bertzeenekikoa baino.

Erraiterako, Germanararen hiztegiari eta morphologiari so eginez, ohartzen gara Italiararen eta Keltararen antz gehiago duela bertze indieuropar mintzarek baino.

Erran laiteke hirur hizkuntzok indieuropar hizkalki berezi batetik dathozela, edo'ta elkharren ondoan bizi zegozela lehen mintzatzen zituzten endak.

Irlandarrak bere hizkuntza Gaedhilge deitzen du, eta bere burua Gaedheal.

Bi hitz hoien forma zaharrak Goidelg eta Goidel ziran.

Keltar hizkuntzak bi sailetan banatu ohi dira, hostagi eta doinuaren berezkuntza batzuen gatik.